NEW TRENDS LAB
YOUNG IDEAS, YOUNG TALENT
Zuzendaria
Kaixo, Alberto Saiz Garitaonandia naiz. Beti izan dut pentsamolde urduri eta inkonformista, eta uste dut horixe dela, hain zuzen ere, NTL sortzera bultzatu ninduen elementuetako bat.
Zuzenbidean eta Zientzia Politikoetan lizentziatua naiz, eta Zuzenbidean doktorea EHUn. Gainera, Executive MBA bat egin nuen Deusto Business Schoolen, Berrikuntzan espezializatzeko ikastaroekin INSEADen (Frantzia) eta Perspektiba Globalean Fordham Universityn (AEB). Nire bizitza akademikoan zehar, atzerriko hainbat unibertsitate bisitatu ditut eta unibertsitate horietako bizitzarekin aberastu naiz, eta hori erabakigarria izan da NTLren ideiarentzat: 2021-2022 ikasturtean University of Cambridge-n (UK) gozatu nuen Fellowshipetik hasi eta, zalantzarik gabe, Stanford University-n (USA) eta bere ingurune berritzailean egin nituen egonaldietaraino, guztiek eragin handia izan dute nigan.
Irakasle naizen aldetik, jakintzak ez ezik, nolabaiteko espiritu kritikoa ere transmititzen saiatzen naiz beti, ikasleei beren etorkizun pertsonal eta profesionalean lagunduko diena. Horregatik, beharbada, bere garaian Eragin programan sartu nintzen. Programa hori EHUk jarri zuen abian, kasuaren metodoari buruzko adituak prestatzeko, eta, azkenean, hezitzaileen taldean parte hartu nuen. Garai hartakoa da, halaber, University of Western Ontarioko (Kanada) Ivey Business Schoolera egin nuen bisita, Case Teaching Workshop egiteko, Erskine eta Leenders irakasleekin batera, arlo horretan aditu bikainak. Ildo horretatik datozkit burura Lorenzo Silva idazlearekin batera bere polizia-eleberriren bat irakurri ondoren klasean egiten nituen mintegiak, irakurzaletasuna eta unibertsitateko irakaskuntza lotzen laguntzen zidatenak.
Zortzi urte baino gehiagoz (2013-2021) esperientzia aberasgarri eta bizia izan nuen Eusko Jaurlaritzako zuzendari gisa, batez ere Zerbitzu Juridiko Nagusian. Han, erakunde handi batek izan dezakeen konplexutasun eta problematika handia ikusi ahal izan nuen, eta baita batzuetan aurki ditzakezun aldaketetara egokitzeko beharra eta oztopoak ere. Nire ustez, unibertsitatetik kanpoko aldi hori eta bestelako bizipen hori ere palanka izan dira NTLren atzean dauden ideiak eta motibazioak sortzeko.